XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zer! Libertateak menekotasunari esker baizik ez dirauela? Beharbada.

Bi alderdietako gehiegikeriek elkar hunkitzen dute.

Naturalezan ez den guztiak badu bere itzala, eta gizarte zibilak gaineratiko guztiek baino gehiago.

Badira zorigaiztoko egoera batzuk, haietan nork bere libertatea besterenaren kaltetan baizik ezin atxiki baitezake, eta hiritarra ezin baitateke guztiz libro, esklaboa arras-arras esklabo ez bada.

Horrelakoa zen Spartako egoera.

Zuek, populu modernoak, ez duzue esklaborik, baina esklabo zarete; zuen libertatea da esklaboen libertatearen ordainbidea.

Hobespen horretaz zeuen buruak laudatzen dituzue; nik koldarkeria gehiago kausitzen dut hartan, gizatasun baino.

Ez dut horretaz guztiaz aditzera eman nahi, esklaboak izan behar direla, ez eta, alderantzizkoa frogatu dudanaz geroz, esklabotzako eskubidea legitimoa dela ere.

Libro direla uste duten populu modernoek ordezkariak zergatik dituzten, eta populu zaharrek zergatik ez zituzten, horra zer adierazten dudan soil-soilik.

Edozein modutan ere, ordezkariak hautatzen dituen populua, handik aitzina ez da gehiago libro; ez da batere.

Dena ongi ikertu ondoan, zibitatea oso tipia ez bada, ez dut ikusten nola balia ditzakeen subiranoak bere eskubideak gure artean.

Tipi-tipia izanik, haatik, ez ote da menderatua izanen? Ez.

Erakutsiko dut urrunxeago nola elkargarri diren, populu handiek duten kanpoko potestatea, eta populu tipiek duten ordena segur eta kudeantza erraza.

XVI Gobernamenduaren erabidea ez dela hitzarmena

Botere legegilea ongi finkatu ondoan, botere exekutiboa ere, halaber finkatu behar da; (...).